BIDE ERTZEAN

Zaldibian eta Irunen aurkituko gaituzue asteburu honetan

2014/01/16 -an idatzia

zarauzkoa

2014 urtea bikain hasi dugu. Aurreko igandean Zarauzko (argazkian) zein Urnietako saioekin gozatu ederra hartu ondoren, bagoaz ’77′ diskoaren aitzakian bidea egiten. Asteburu honetan, Zaldibian eta Irunen joko dugu, hurrenez hurren. Eta begibistan ere baditugu emanaldi gehiago hitzartuak: Gernikan, Txantrean, Elgetan, Oreretan… Baina asteburu honetan eskainiko ditugu saioen xehetasunak dituzue post honetan batu ditugunak.

Sebas eta Zaharra aipatzen ditugu 77 diskoan. Gure kantu batzuen abiapuntu dira. Garbiñe Ubeda eta Koldo Izagirreren idatzietan ere (diskoan jaso ditugun bi kontakizunetan, alegia) Sebas eta Zaharrari buruzko aipamenak ageri dira. Zaldibiarra zen Zaharra. Eta horregatik, guretzat, berezia izango da 77 diskoa Zaldibian, Zaharraren herrian aurkeztu ahal izatea. Ostiral honetan izango da, gaueko 22:30etik aurrera.

Txanbolinteroak taldeak antolatu du kontzertua. Sarrerak aldez aurretik jarri dituzte salgai Illatin, Joxepanen eta Zaharren egoitzan (5 euro, prezio bakarra). Egunean bertan, Herri Antzokiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak.

 

Larunbatean, Kabigorri ateneoan

Bide Ertzeanekin hasi ginenetik, maiz izan gara Irun aldean jotzen. Azken aldiz, Don Inorrez diskoa plazaratu berritan, Quique Gonzalezekin batera aritu ginen Amaia antzokian. Honakoan, Kabigorri ateneoan aurkeztuko dugu gure disko berria. Larunbat honetan, 19:30etik aurrera. Duela bi edo hiru urte, bertan izan ginen Itxaro Borda eta Maddi Oihenarten sentikari bat ikusten. Eta honakoan, gu izango gara oholtza gainera igoko garenak. Ongi etorri lagunok!

 

Argazkia: Juan G. Andrés

Tags: , , , , , , , , ,