BIDE ERTZEAN

Oroimenaren mapa osatuz

2014/01/20 -an idatzia

Zaldibia

Zarra, Sebas, Ondarru.  Oso presente daude 77 diskoan batu ditugun kontakizunetan. Euren jaioterriak bezalaxe: Zaldibia, Ibarra, Ondarroa.  Aurreko ostiralean, hain juxtu, Zaldibian izan ginen diskoa aurkezten. Eta Ondarroako Marabilli Festibalean izan genuen antzeko sentipena izan genuen Zaldibiako Herri Antzokian ere. Bazuela bestelako karga kontzertuak. Eta halaxe joan zen emanaldia ere, hainbat aipamenez jantzia (argazkia, Taña Mateos). Estrainekoz, modu akustikoan hasi genuen kontzertua eta abesti elektrikoekin itxi genuen saioa.

Iritsi ginenetik harrera ederra egin ziguten  Txanbolinteroak izeneko txistulari taldekoek. Tarteka, ekitaldiak ere antolatzen dituzte eta eurei esker jo ahal izan genuen Zalbidiako Herri Antzokian. Beraz, lerro hauen bitartez esker mila eurei eta Zaldibiara hurbildu ziren guztiei. Nola ahaztu Malores Etxeberriak hartu zituen lanak! Web orri honetan irakurri daiteke Zaharraz idatzi zuena. Eta aurreko ostiralean, oholtza gainetik irakurri zuen bertaratu ziren guztien aurrean. Bikain eskaini ere, mertzi Malores!!

Portzierto, Goierri Telebistakoek elkarrizketa egin ziguten. Hauxe, saran eskegi duten bideoa:

Gauzak batu, Joxepanen azken tragoa(k) hartu eta etxerako bidea egin genuen. Irungo Kabigorri zain genuen biharamunean.

 

 

Kabigorrin, boleroen erritmoan

Eta agindutako orduan iritsi ginen Kabigorrira. Ordurako, zain genuen Iñigo Muguruza. Areto polita dute. Formato txikiko gauzak egiteko espezial. Eta Kabigorriko zerbitzari jatorrei esker, oso arina egin zitzaigun karga-deskarga lana zein soinu proba. “El Bolero de Ravel” doinuarekin errazago egiten dira zama-lanak, bai horixe!

Irun

Zaldibian bezalaxe, elektrikotik baino gehiago eduki zuen akustikotik. Baina Irunen, Moskun egonik, zarata pixka bat egiten amaitu beharra zegoen saioa! Gainera, ederra izan zen aspaldiko lagunak bertan ikustea: Txap, Joseba Ponce (gure diskoko diseinu lanak egin dituen artista), Gari Garaialde, Igor Telletxea, Fermin eta Iñigo Muguruza…

Argazkia: Josetxo Perez.

 

Muguruza-Ubeda conection

Betidanik, erreferentzia handia izan dira guretzat Muguruzatarrak, Iñigo eta Fermin bereziki. Bidelagun ere urte askotan, Deabruak eta Esan Ozenkiren garaian, baina geroztik ere harreman ederra dugu. Gutxitan ikusten gara, baina ikusi orduko besarkada estu batez berritzen dugu gure laguntasuna. Muguruza-Ubeda arteko konexioa ordea, aurretikoagoa da. Gu baino lehenagokoa. Garbiñe, gure arreba, Fermin eta Iñigoren euskara irakasle izan zen Tolosako AEKn, artean Kortatun jotzen zutenean! Joxi eta Baxi anai zaharrenekin ere harreman handia dute aspalditik Muguruzatarrek.

Kabigorrin, Bukaera taldearen bertsio bat eginez goratu genuen aspalditik datorren harreman hori (Garbiñe arreba ere bertan izan zen). Portzierto, Ferminek zehaztu zigun moduan, Bukaera taldekoek duela 24 urte grabatu zuten estekatu dugun kantu hau, eta akaso gaizki dago hau guk esatea, baina ederki asko zahartu da Bukaeraren bertsioa!

Aste ederra pasa eta gogoan izan, asteburuan hitzordu berria dugula: Gernikako Astran, hainbeste miresten dugun Estankona kantariarekin batera.

 

Tags: , , , , , , , , ,