BIDE ERTZEAN

Apirilaren 24an, “Nola belztu behar zuria” ikuskizuna grabatuko dugu Usurbilen

2015/04/15 -an idatzia

Artze

Iazko udaberrian eskaini genuen lehen aldiz “Nola belztu behar zuria” izeneko ikuskizuna. Usurbilen, Jexux Artze Kultur Elkartearen enkarguz. Bide Ertzean taldea eta Metrokoadroka Sormen Laborategiko Asier Sarasola zein Oier Guillan gara lan kolektibo honen egileak. Baina protagonista nagusia Joxan Artzeren poesia da. Bere azken bi liburuak baitira saioaren oinarri. Geroztik hainbat saio eskaini ditugu. Apirilaren 24an Usurbilen izango gara berriro. Bideoz grabatua izango da emanaldia, eta Elkar argitaletxeak DVD euskarrian plazaratuko du udazkenean.

Donostiako Poesia Orduak zikloan, Ondarroako Literatur Amuak jardunaldietan, Bartzelonako Literaldian, Lezon, Elizondon, Eskoriatzan…  Geroztik, plaza ezberdinetan eskaini dugu “Nola belztu behar zuria” ikuskizuna. Apirilaren 24an sorlekura itzuliko da emanaldia, Usurbilgo Sutegira. Iaz bertan izan baginen, zergatik programatu berriro? Bideoz errejistratu nahi delako. Artzeren inguruko ikuskizuna DVDn plazaratzeko asmoa du Elkarrek, udazken partean ziurrenik. Ekimena argitaletxearena eta Jexux Artze Kultur Elkartearena izan da, eta finantziazioari aurre egiteko, Usurbilgo Udalaren dirulaguntza jasoko dute.

Sarrerak salgai
Saioa 22:00etan hasiko da. Sarrerak Lizardin daude salgai 10 eurotan, eta Elkarrek Hernanin eta Donostian (Fermin Calbeton) dituen dendetan.