BIDE ERTZEAN

“Mirari”, Mikel Tabernaren kontakizuna

2013/10/30 -an idatzia

Ongi oroitzen naiz Mirarik alde egin zuen egunaz.

Franco hilda zegoen ordukoz, eta Adolfo Suárez izan behar zuen Espainiako Gobernuko buru, 76an nik uste, baina hilabetea zehatz ez dut gogoan. Badakit bolada hartan predikatzen ematen genuela denbora gehiena, unibertsitatean, Belatetik harateko ikaskide nafarren artean, haiek ere euskal zainak zituztela, baietz eta baietz. Hurbilena zutenari erreparatzeko erraten genien. Toponimia, erdaraz erabiltzen zituzten euskarazko hitzak, deiturak. Burlatako Labarirekin ez genuen sobera nekatu behar izan; ameskoarrarekin kontu politak atera ziren: Urederra, Urbasa, sagarmiñes, eta bere López Ruiz soil haiek idazkari zekenen baten apetaren ondorioa bertzerik ez zirela deskubritzea(!),gaur egun Arteaga Larramendi da; Martzillako adiskidea, berriz, Espartza hura, ez dut uste konbentzitu genuen, hark gu bai: etxeko esparrago kategoriakoak ekarri zizkigun merienda-afari koxkor bat egiteko, nola ez eman arrazoia hari.

Fakultatean berean, adierazpen askatasunaren aldeko kanpainan buru-belarri sartuak ginen. Paretetan kartelak itsasten genituen. Horraino gure atrebentzia, gure adorea. Atezain jenio txarreko bat gogorz saiatzen zen haiek kentzen. Problema bat zuen: ttiki-ttikia zen, eta guk altu paratzen “libertad de expresión” inozente haiek. Alfontso eguesibarkoak bertzeok baino malezia gehixeago zuen. Erneagoa izaki hura, Iruñerri-Kokoerriko laborarien semea. Kola beltza erabiltzen zuen, eta Justok papera kentzean (izen horixe zuen uniformedun koleratuak), paretan itsasgarriaren arrastoa gelditzen zen: OPUS EZ.

Ongi oroitzen naiz Mirarik alde egitea erabaki zuen egunaz.

Bezperan, iluntzean, manifestazioa izan zen, Hondarribian Zabala hil zutelako, edo akaso Bordatxo dantzalekuko ultzamarrengatik izanen zen, hori ere ez dakit seguru. Han ibili ginen nolabait ere beldurra disimulatzen, ahal genuen bezala, kalkuluak egiten grisak agertzen zirenean nondik eskapatzen ahalko ginen. Hartan, ordea, diferentea izan zen. Poliziak agertuagatik, norbaitek erran zuen ez genuela lasterka ihes egin behar, hantxe geldituko ginela lurrean jarrita. Kasu egin xintxo guk, eta karrikako zola hotzaren gainean eseri ginen, Gazteluko plazan. Suharrenak oihuka edo kantari, gainerakook ez sobera lasai, eta armadunak begira serio, erasotzeko aginduaren esperoan edo. Hura ere ez zen normala. Halako batean, hasi ziren tiroka eta egurra partitzen. Guk halakorik ez hartu nahi, ahalik eta agudoena ospa egin genuen San Nikolas aldera. Axunek suerte txarra izan zuen, norbaitek bulkatu eta lurrera bota zuten, eta gero jendea gainera erori. Nola edo hala zutitzen hasi zelarik, burua altxatu, eta begi batzuk ikusi zituen kasko baten barrenetik berari begira, “Akabo, nereak egin dik!”, pentsatu zuen. Oker zegoen, ordea, “Le ayudo, señorita?”, esku batean makila eta bertzean libertaterako atea. Eskerrak eman gabe ziztu bizian abiatu zen, zer gerta ere. Ikusi behar zenion aurpegia: ezin sinetsi. Guk ere ez. Ez ziren gisa hartan aritzen jeneralean; ederki zekiten hori gorputza ubelduz betea zutenak, tiroen balakua sentitu zutenak: gomazko pilotak, ke-potoak, balak.

Ongi oroitzen naiz Mirarik alde egin behar izan zuen egunaz.

Goiz hartan ez bainuen unibertsitatera joan beharrik, etxe ondoko denda ttikira joan nintzen ogia eta egunkaria erostera. Kafesnearen gainean ogi-zopa batzuk bota nituen eta, koilaratxoarekin azukrea nahasten nuen bitartean, Diario de Navarraren azalean Iruñean jendea atxilotu zutela irakurri nuen. Begiak hantxe iltzatuak nituela, norbaitek ateko txirrina jo zuen. Mirari zen, Koldoren adiskide bat nik doi-doi ezagutzen nuena. Sartzen uzteko faborez, ea non zegoen Ibarrakoa (esplikaziorik eman behar ez izateko tolosarra zela erraten zuen, baina hark ongi ezagutzen zuen). Ilea frantses modura moztua zuen, Mireille Mathieuren estiloan zioen berak, eta aurpegiko matelak gorri-gorri, menditar batzuek izaten dutena, herriko haize sanoak utziriko marka nik uste. Araitz aldekoa zen, Malloetako Balerdi ikusten omen zen haren etxeko leihotik, eta irri eginez egiten zuen solas beti. Koldo segituan agertu zen sukaldera, harriturik, neska tenore hartan han ikusita. Haien artean isilka aritu ziren. Gero biak niri begira jarri ziren, nire gorputza neurtzen ariko balira bezala. “Baduk galtza pare bat Mirariri uzteko?”, galdetu zidan pisukideak. Ez nuela entenditzen adierazi nien. “Amerikanoa etorri zatak”, erran zidan neskak. Ez zidan gauza handirik argitu. Grazia egin zion, nonbait, nire tetel aurpegiak, “Regla, motel, regla bajatu zatak!”. Galtzak erakutsi zizkidan batere lotsarik gabe: odolez blai zituen. Haiekin gaizki, inora joateko. Ustekabean aitzinatu zitzaion hilerokoa. Estreinatu gabeko galtza pare bat banuen armairuan, amak Hendaian espres erosiriko Levi’s batzuk. Mugaren alde honetan halakorik ez zuten saltzen, ez dakit zer misterio klaserengatik. Haiexek utzi nizkion. Probatu, eta primeran. Bista ona zuen, arropa-denda batean lan egiten baitzuen. Langile onaren falta sumatuko zuen biharamunean nagusiak. Telefonoz deitu zuen eta, handik guttira, norbait etorri zitzaion bila, hark eramanen zuela leku segurura. Musu bana eman zigun; ezpainetan ez niri. Hirurotako inork ez genekien hainbertze iraunen zuela despeditzeko erran zigun “Ikusi arte” hark.

Mikel Taberna

2013-10-09