BIDE ERTZEAN

Nikolas Mendizabal ‘Zaharra’, Malores Etxeberriaren oroitzapenak

2013/12/11 -an idatzia

19 urte nituen Nikolas Mendizabal “Zaharra” hil zutenean. 1977ko martxoaren 8an hil zituzten bera eta Sebastian Goikoetxea Ibarrako gaztea Itsason, Goierriko Itsason, haren jaioterri zen Zaldibiatik gertu. Ordurako, urte pare bat zeraman Nikolasek ezkutuan.

Donostian ari nintzen ikasten garai horretan, eta bertan ematen nuen astea.

Ez dut gogoan nola eta noiz izan nuen hilketaren berri. Zaldibian garai hartan 30en bat etxetan baino ez zen telefonorik. Gurean ez zen. Telebistan ikusiko nuen, beharbada, edota etxekoek osaba-izeben tabernako telefonotik deituko zidaten…

Gogoan dut jakin bezain laster Donostia “arrotza” utzi eta Zaldibiara “nireetara” etortzea nuela gogoan, besterik ez.

Martxoaren 9an, arratsaldean, gogoan dut, nola hartu nuen trena Norteko geltokian Ordiziarako noranzkoan. Egun goibela eta hotza zen, baina ateri zegoen. Ez nuen autobusik Zaldibiarako eta oinez abiatu nintzen, eta oinez egin Zaldibiarainoko bidea. Ez zen gaur egungo trafikorik garai hartan.

Pauso bizian, Azpintxeberritik aurrera, Gaintzarako bidegurutzea ezkerrean utzi, Agotxane pasa eta banoa Zelaatik barrena Fabrikaraino. Muertza parera iritsita, ikaragarrizko zirrara sentitu nuen.

Herrian zehar jarritako altabozetatik Pablo Sorozabalen “hileta martxa” entzuten zen. Herria hutsik, balkoietan ikurrinak zintzilik eta tristura, hezurretaraino sartzen zen tristura sentitu nuen.

Martxoaren 10ean eman zioten lur Nikolasi herriko plazan egin zuten hileta erlijioso-politiko baten ondotik. Hura ere gogoangarria niretzat, Elizatik kanpo ikusten nuen lehen hileta baitzen. Jendea erruz inguratu zen Zaldibiara, handia izan zen oso agur ekitaldia.

Ez daukat gogoan Nikolasen pasadizo askorik, ni baino 10 bat urte zaharragoa izanik, ez baikinen inguruan ibiltzen. Gogoan dudana da, mutil ixila eta diskretoa zela edo hori zen, behintzat, niri iruditzen zitzaidana. Horregatik harritu ninduen bere ihesak ere, urte pare bat aurretik gertatuak. Nikolas artzain familiakoa zen. Bera ere artzain ibilia, eta mendiarekin lotzen dut nik, zaldibitarrontzat hain kuttuna den Oiduiko parajearekin, batez ere.

Oso presente dut, bestalde, garai hartako giro gozo-gazia. Arretxen, gure etxean, garai gozoak bizi genituen, aita libratu berria baikenuen Palentziako espetxetik, preso 4 urte egonda gero. Amona Joxepa bizirik zen artean, semea libre ikusteko aukera eman zion bizitzak, eta aparretan geunden. Berriro ere familia elkartuta, urte gogorrenak pasatuak zirela uste genuen, amnistia bertan  genuela eta ihesean zebiltzanak, bat baino gehiago genituen herrian, laster etxeratuko zirela, eta…, eta… Nikolasen ama Hilarik, berriz, galdu berria zuen semea, Txamarretxe jaiotetxean hutsune galanta utziko zuena. Eta gozoa garrazten sentitu genuen.

Gogoan dut oso mutil maitea zela Nikolas herrian.

Zaldibian, 2013ko azaroan

Malores Etxeberria