BIDE ERTZEAN

Ondarroa-Zaldibia-Ibarra

2014/03/10 -an idatzia

BE01

 

Sebasen itzala agerikoa da gure disko berrian. Dagoeneko ohartuko zineten. Ba pasa den larunbatean izan zen Sebas eta Zaharra hil zituzteneko urteurrena. 37 urte dira jada. Baina Ibarrako herriak ez du ahaztu. Ez du ahaztu nahi. Guk ere ez. Hilerrian lehenik, Araneko iturrian ondoren, ekitaldi ederra prestatu zuten beste behin ere. Eta biharamumean, Ibarrako gaztetxean aurkeztu genuen “77” diskoa.

Ez zen saio erraza guretzat. Berezitik asko zuelako. Ibarran, Sebasen jaioterrian, urteurrenaren bueltan… Gauza bera gertatu zitzaigun duela bi hilabete Zaldibian jo genuenean, Zaharraren herrian. Edota iazko urrian Ondarroako Marabilli Festibalean izan ginenean, Ondarruren jaioterrian.

Hirurak  Sebasen Renault 4L autoan zihoazten. Ondarru zauritu egin zuten eta espetxean sartu. 1977ko Amnistia Legearekin kalera atera zen azken presoa izan zen Ondarru. Handik gutxira ordea, Ibarrako Izaskunen hil zuten, tiroketa batean.

2013ko irailean diskoa aurkeztu genuenetik, hainbat kontzertu eskaini ditugu. Eta besteak beste, Renaul 4L hartan zihoaztenen herrietan jotzeko aukera izan dugu. Sinbolikotik baino zerbait gehiago du guretzat. Bidegabekeria asko izan dira azken hamarkadetan. Eta segurtasun indarren errepresioak ere samin handia eragin du Euskal Herrian. 1977ko martxoaren 8an Ibarran, Zaldibian eta Ondarroan sentitu zenaren parekoa.

 

Balmaseda, Gasteiz, Zorroza…

Bizitzak aurrera darrai, 77 diskoaren inguruko birak ere bai. Datorren igandean Balmasedan joko dugu eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoa eta Bilboko Zorroza gaztetxea bisitatuko ditugu datozen asteetan. Xehetasunak Emanaldiak atalean topatuko dituzue.

Eskerrik asko Ibarrako gaztetxeko jendeari. Eta eskerrik asko, batez ere,  martxoaren 9an Ibarrara hurbildu zineten guztioi. Hementxe dituzue Txetxok atera zizkigun hainbat argazki.

Bide02