BIDE ERTZEAN

“Sebas zurginaren ezpalak”, Koldo Izagirre

2014/03/06 -an idatzia

SEBAS ZURGINAREN EZPALAK

1976/06/12

Berrobi, 17:39

…marrusketa, arrabota, daratulua, barleta, kakoa, juntera, lanbidearen eskutresnak paretan, zintzilik batzuk, mahaian besteak, eta erdian, aretoaren jabe, jaun bai behintzat, azkenbako zerra elektrikoa, alemana, bigarren eskukoa baina urteetarako bizia daukana, ilobak bertan lantxoak egiten hasteko adinakoa nahi luke, hamarren bat urte oraindik, amets xume hori egiten du Sebas zurginak, ilobak lanbidea ikasten hantxe berarekin, ez baitu berak haurrik izanen, nork daki, ez, ez dituela edukiko uste du, ederregia izanen litzateke, baina ilobak koxkortzen ikusteko lain bizi ahal izanen dela bai, arrebarenak ditu eta bereak direla esanen luke neurri batean edo zati batean, haragi puska bereko, bertara ere ekartzen ditu tarteka, ezpalak biltzen aspertuta elkarri txirbila botatzen zalapartaka hasten direnean “Kontuz ibili erremintekin!” oihukatzen du, orduan badakite etortzeko esan nahi izan diela, hurbiltzeko oholetara, usain hartzeko, eta ukabila itsututa jo egiten du oholetan soinu desberdina atereaz,

tik-tak-tok, ilobak ere musika sortzen hasten dira oholetan joz, baina konturatzen direnerako osabak lanurdina kendua du eta mendira eraman behar ditu, Uzturre aldera, maiz eramaten ditu, ez luke hitzez esanen baina despedida luze baten zeremonia dela sentitzen du, azkenekoz ikusiko balitu bezala, halako zerbait barruan, osaba zuhaitz guztien ezaguna da eta hizketan egiten du zumar, haritz, pago, lizar guztiekin, sudurra hurbilarazten die enborrera baina ez dute zurgindegiko usain eder haietako bat ere aditzen, orduan Sebasek hosto batzuk hartu, eskuak zabalarazi eta katilu bana balituzte bezala betetzen dizkie, “Igurtzi fuerte!” eta eskuak berdetzeraino igurzten dituzte eskuak hostoekin, “Hartu usaina orain!”, eta bai, usain sarkorra oso, amak petxuan igurzten dien Vicks VapoRuben antzekoa, “Hosto horietan pinua baitzegoen tartean!”, eta zirto anker samar bat etorri zaio oraingo honetan, “Hilkutxa barruan usain ona izanen diat behintzat!”, horixe, baina umeok hazitakoan izan dadila…

 

 

1976/09/20

Bollullos del Condado, 11:00 

…heldu dira zaldunak beren manola panpinatuekin, heldu dira zalgurdiak manola gehiagoz gainezka, eta noizbait heldu dira batzaileak, jendetzaren artetik oinez eta zuriz, saskiak bete mulko lepoan garraio plazan ezarritako dolareari lana ematearren, urtero bezala, Andaluziako Huelvan, Bollullos del Condadon ospatzen den Mahatsaroaren Festara, zeremonia ederra eta baketsua aurtengoa mahatsari lehen muztioa kentzearena, pintaketa berririk ez, panfletorik ez, Sevillako Prentsa Elkarteko lehendakariak ere pregoi eruditua baina gustagarria egin du oso, ardoaren gorazarrean beti gertatu behar lukeen bezala, eta bere zeregin ugarietan tarte bat eginik bertara etorria denez, biziro zoriondu ditu alkatea, kooperatibako arduradunak eta antolatzaile guztiak Jose Maria Belloch Puig gobernadoreak, “Huelvak behar ditu horrelako gauzak bere ardoak merkatuan kokatzeko, festaren azpian bultzaldi ekonomikoak egon behar du, probintzia honek merezi du!”, prentsakoek egin dizkiote argazkiak denei bostekoa emanka, oraintxe bulegora itzultzeko tenorea, sinatu gabe dauden hitzarmen kolektiboak estudiatu behar ditu, desblokeatu egin behar du egoera patronal lizundu horri gauzatxo batzuk esanda, gero irrati batera joatekoa da, elkarrizketa libre bat onartu du hiru kazetarirekin Espainiaren etorkizun politikoari buruz…

 

 

1976/09/20

Huelva hiriburua, 14:45

…Ministroaren deia eduki du, ez dela larria esan omen du ministroaren idazkariak, baina heldutakoan deitzeko mesedez, “Jarriko al dizut?” galdetu dio idazkariak, bereak, Belloch Puig jaunari, ezerez bat bezala, ministroaren deiak beti larriak izanen ez balira bezala, baietz, jakina, nolatan ez dioten abisatu, zertarako jarri dizkieten auto telefonodunak ba, “Ez dakit noiz azalduko den izendapena Boletinean, baina hasi zaitez prestatzen, txosten bat bidaliko dizut” esan dio ministroak, eta eskegi duenean halako poz batek bete du, “Egin ezazu harpidetza bat nire izenean eta nire helbide partikularrera Donostiako prentsa guztiarena, aldizkariak barne!”, Gipuzkoa baketzera joan beharko du laster, Euskal Herrira, destino gogor eta interesgarri batera, jende prestua eta politikaren sena daukana behar den lekura, jendetasuna daukan gobernadorea delako, badakielako une politikoa interpretatzen, atzean geratua da, ahaztua ia, Teruelen Movimiento Nacionaleko buru izan zenekoa, iragan urrun horrek leialtasuna bermatzen du, hiru hilabete ditu Unió Democrática de Catalunyan baja emana, iragan hurbil horrek Espainia pluralaren kontzientzia azaltzen du, eta luze gabe sortuko den Unión de Centro Democráticorako batzorde eragilean hartuko dutela uste du baldin azpilan handi horretan, Martin Villak eta Adolfo Suarezek eskatu dioten bezala, Espainia osoko gobernadore zibilekin koordinaturik, optimismoa txertatzen asmatzen badu bere postutik, espainiar guztien onespena jaso dezan laster eginen den aldaketa politikorako Erreferendumak, ezkerreko alderdiek eta sindikatuek zabaltzen duten ukoa eta boikota garaituta, indar eboluzionistak batuz eta indarrik erabili gabe garaituz, garaituz, ez zanpatuz, indarra ezinbestekoa denean bakarrik erabilita baztertu behar dira indarra erabiltzen dutenak ere, “Horregatik zu!” esan dio ministroak, “Amnistia osoa izanen da, baina pixkanaka gauzatuko dugu, tirabirak egonen dira”, huraxe irentsarazi behar zien gipuzkoarrei, pazientzia txertatu, etorkizuna bazetorrela, “Ohore bat, da, ministro jauna!”, baldin eta, baldin eta zelata bat ez bada, zenbait bekaiztiren maniobra, FranFranek ezarritako Monarkiaren oinarri demokratikoak eraikitzea baino politikan kokatzea helburuago duten horien opari pozoitu bat Gipuzkoako gobernadore izendatzea, seguruenik baketu beharko dituen liskarretan nahasi eta oraino daukan izen ona galtzearren…

 

 

1977/03/08

Berrobi-Ibarra-Itsaso, 16:25

…etxepean bertan daukan S. D. Ibarra elkartean hartu du bazkalaurreko baxoerdia, “Kaixo, lehendakari jauna” esan diote bertan daudenek Sebasi, utzi berria baitu kargua eta puska batean oraindik lehendakari jauna esanen diote, amarenera igo da, presaka bazkaldu du, kafea elkartean hartuko duela esan dio eta logelara joan da, arropa aldatu,  armairuko tiraderetako bat zabaldu, askatu du hondoari egina dion doblea, han daukan karneta hartu du, Miguel Artola Garmendia, utzi du bertan legezkoa, berea, amari gero arte esanda alde egin du kafea elkartean hartzera ez baina lanera berriz, bere tailerrera, baina furgoneta itzali gabe sartu da, ez du atea osorik zabaldu, erreminten larruzko motxila uhal batetik daukala itxi du ostera zurgindegia, eta bere Renault 4 furgoneta horia gidatzen ikusi dute ezagun batzuek Tolosan, ezpainetan fariasa daramala ke jario, Benta Haundi aldera, hitzordua daukalako Zumarragako geltokian, bi lagun, Ondarruri hainbeste gustatzen zaion Errobiren kasetea ipini du, abestu egin du Ducau eta Duhalderekin batera, urduri dago, hala gertatzen zaio beti, han dira, bai, hantxe dira, inor ez inguruan, Ondarru eta Zaharra bakarrik, “Dena ondo?”, Zaharra jarri zaio aldamenean, “Igo bolumena!” eskatu dio Ondarruk, atzera hartu du ostera, Ordizia aldera, “Aita bat ukanen dugunean…”, birao bat ordea, “Zer…?” Ondarruk, kontrol bat dagoela ohartu gabe, “Zuek trankil!” agindu du Zaharrak bere eskarmentutik, “Jalgiren gira!” esan dio bere buruari ozen, eta “Kontuz erremintekin!” Sebasek, Ibarrako zurginak, furgoneta erabat gelditu baino lehen ezkerrera baztertzeko agintzen dion guardia zibiletako kaboaren parean ia, musika itzaltzea ahantzirik, kaseteak jiraka jarraitzen duela lauak eta hogeita bostetan “Ama biziko da, haurrideak ere, herri berriko libertatean, herri berriko libertatean, mail gabeko gizartean …”

 

 

1977/03/08

Ibarra, 19:10

…azpiko elkartekoak ohartu gabe azaldu dira Sebasen amarenera, koadroko alkandoran jator jantzian baina kiratsa dariela biei hizketan hasi behar izan gabe, guardia zibilak, Sebastián Goikoetxea bertan dagoen galdezka, baina ez dago, oraindik ez da azaldu eta lagunekin ibiliko da, edo andregaiarekin, zinemara joatekoak ez ote ziren Donostiara, ez duela ardura esan diote, “Baina esaiozu bihar Tolosako kuartelera azaltzeko!”, etxea miatzeko agindu bat dakartela epaileak emana eta Sebastiánen gela zein den, huraxe, ikurrina bat paretan, zer egin, kendu eta eraman edo bertan utzi, “Orain ez dago debekatua” amak atetik, asmoak igarri balizkie bezala, edo semea babestearren, telefonoak jo du ordea eta bakarrik utzi ditu, ikurrinean txertatuak dauden paparreko abertzaleak askatu ditu batek, laguna kondekoratu du, barrea egin dute, “Argazki makina ekarri behar genian!”, armairuko ateak zabaldu dituzte, plastikozko zorro bat ikusi dute barruko zurien gainean, hartu dute, zabaldu dute, elkarri pasa dizkiote planoak, lau hankak alde berean dauzkan aulki moduko bat, bere tiradera baino txipiagoa den mahaia, edo zaldia agian, Sebasen iloben marrazkiak, haiei beha geratu dira semeak egindako arasan daukan irratia piztu duelarik sukaldeko emakumeak, albiste baten amaiera entzuteko…

 

 

1977/03/08

Donostia, 20:15

…Belloch Puig gobernadoreak berriro irakurri du Guardia Zibilaren 551 komandantziako buruak egin dion informea, eta betaurrekoak aieru zakar batean kendurik begiak harengana jasoz “Terroristek erabili duten pistola hori, hemen al daukagu?” galdetu du, begiramenez edo agian erronkaz, geroak esanen du, zutik nahiago duela birritan esan dion lotinant koronelak berretsi edo dardara egin dezan, irakurri duena nolabaitekoa eginen balitzaio bezala, baina lotinant koronelak ez du zirkinik adierazi aurpegian, ohitua dago menturaz halako galderetara, baietz besterik ez, “Browning 9 Parabellum bat, FN hornidurakoa, ETAko liberatuek erabili ohi dutena”, betaurrekoak jantzi ditu ostera, “Lan bikaina!” esan du gobernadoreak, “Gaizki iruditzen ez bazaizu, estilo kontu batzuk orraztu nahi nituzke”, jesartzeko erregutu dio, lan egin behar dutela biek, adostu egin behar dituztela zenbait kontu, ilunpetik atera nahi du Guardia Zibila, jendearen aurrera ekarri, aurpegi bat erakutsi, terminologia politiko berrian trebatu behar du gizon zurrun eta langile hau, “Prentsa zain daukagu, oharra gaur bertan bidali behar diegu”, nahiz badakien plural horrek, lotinant koronelari eginiko eskaintza konplize horrek, ez duela eraginik edukiko bertatiko batean…

 

 

1977/03/08

Teletipoa, 21:11

…Itsaso izeneko lekuan (Gipuzkoa), Guardia Zibilaren kontrol mugikor batean, SS-4273-G matrikuladun Renault 4 furgoneta geldiarazi eta bertakoei dokumentazioa eskatutakoan, haietako bat, atzean jesarria zetorrena, Benemeritako kideari tiroka hasi da pistola eskuan, kargadorea hustu arte, baita errekamarako bala ere, baina erasotzailearen posizioagatik, Guardia Zibileko kaboa haren tiro esparrutik lekora jarri eta erasoari buru eman ahal izan dio bere armaren suaz, aurrez aurreko honen ondorioz autoan zihoazen bi lagun hilik eta hirugarrena zango batean zauriturik…

 

 

1977/03/09

Berrobi, 02:50

…ordu honetan etorri behar zuten, bai, jendea izorratzeagatik da, edo egun argiz azaltzea arriskutsua egiten zaielako, jendea esnatzen, ordu honetan, lekuko behar dituztela zurgindegia miatzeko, paper bat erakutsi diete, “Guk zer dakigu honetaz!”, epaile militarraren miaketarako agindu bat, “Eta gero sinatu egin beharko al dugu?”, horrelakoak esan dizkiete, baina umoreko zeuden guardia zibilak, “Berehala oheratu ahal izanen duzue!” esan du batek, “Lan erdian utzitakoa bukatzera!” gaineratu du beste batek, edanak edo pozik behintzat, giltzarekin ireki dute zurgindegia, lehen bezala, lehenago ere etorri baitira kalekoz jantzita, hamarrak aldera, ohol batzuk baztertu dituzte eta han bertan, bila ari direna non dagoen balekite bezala, zaku bat, “Zuek zarete lekuko!”, zabaldu dute, pistola bat, kargadoreak, balak, “Sina ezazue hemen!”, Sebasen laneko mahaiaren gainean beste paper bat zabalduz, “Ez duzue besterik miatu behar?”, ohol mordoa baitago ezkerreko paretaren kontra, eta solairuartekoa ere hortxe, dena zur eta tresna zahar, “Ez da behar, ez zaituztegu gehiago molestatu nahi!”, eta alde egin dutenean biak geratu dira berriz etxera itzuli nahi ezik, ehiztarien soziedadera abiatu dira gogorreko zer edo zer edatera, “Horiek sartu ditek pistola hor, lehenago etorri direnean!”, whisky bat, bi whisky, “Zer egin behar genian, ez genuela sinatuko esan?”, ez, berdin baitu, edo hobe agian, “Hil egin ditek, eta nahiago nikek zerbaitengatik hil balute!”, jelarik gabe, horrela, “Nik behintzat metraileta kaxak zeuzkala esango zioat jendeari!”, hildakoaren alde, beste horien aurka, edan eta isilpean jardun, “Ikusi al dituk?”, ikusgarri zeuden hantxe zerra-mahai leunduaren gainean bi gitarra txipi, hiruna hari, beren oihartzun kutxatxoa eta guzti, zumarra edo lizarra edo ametza edo haltza edo auskalo Uzturreko zein zur preziosorekin eginak ilobentzat…

 

 

1977/03/10

Gipuzkoako Gobernu Zibila, 19:00

  

…Belloch Puig jauna bere bizar zuriarekin eta Guardia Zibilaren lotinant koronela bere izar-galoiekin azaldu dira hantxe ahozko eta idatzizko prentsaren aurrean Itsason gertatutakoa argitu nahirik bileragelako mahai bernizatura, gezurra dela SS-4273-G matrikuladun Renault 4 furgoneta horian zetozenak irtenarazi eta zutik eduki zituztelakoa hiru minutuz galdeketak egiten, horiek esamesak baizik ez direla eta ETAk berak zabaldutako oharrak eragindako intoxikazioa, “Gidariaren aulkiko bizkarra, adibidez, odolak zikindua geratu zelako”, eta dei egiten diela lekukoei testigantza eman dezaten, egoera hartan guardia zibilek ez zituztelako hartu ilaran zeuden autoetako bidaiarien karnetak, lehentasuna hilak eta zauritua albait arinen ebakuatzea zelako, eta amnistiaren dekretuarekin gipuzkoarrek eginak dauzkaten bake ilusioek kolpe latza hartu dutela gertatu honekin eta ondorioz gertatu diren manifestaldi odoltsuekin, baina euskaldunen etorkizuna bakean eta demokrazian ikusten duela berak, eta ondoren lotinant koronelak, lapitza eskuan makilatxo gisa erabiliz Erregearen argazkiaren azpian marraztua duten eskema bitarte azaldu ditu guardia zibilen eta ETAko terroristen mugimenduak xeheki, lasai, taktika klase bat ematen ari balitz bezala eta gobernadore jaunak berak ere ikasle saiatu batek bezain erne jarraitu ditu argitasunak berriro hitza hartu baino lehen esaldi harrigarri bat botatzeko, katalana dakien bezala jakinen balu euskaraz gure hizkuntzan esanen zukeen esan duena, “Jakinaren gainean nago autoritateok ahaleginak egin arren gauzak nola gertatu ziren adierazteko, badagoela sinetsi ezin duen jendea eta sinetsi nahi ez duen jendea”, zinezkoz harrigarria eta arriskutsua, berak ordezkatzen duen autoritatearen ezintasunaren aitorpen garbia, “Hortxe dago bada arazoaren gakoa!” pentsatu du Garaiako kazetariak, jende askok, hemen, ezin duelako autoritate horren ahotik datorren ezer sinetsi, baina horixe da hain zuzen Belloch Puig politikoak nahi duena, begietara behatu dio Cambio 16koari, Punto y Horakoari gero, “Transmiti ezazue horixe!” esanez bezala, gobernadore hau aurrez hemen izan diren gobernadore guztien kritika egiten ari da, badaki ez daukala sinesgarritasunik, “Bai, herri honek gehiegi sufritu du” ari zaie esaten Guardia Zibilaren 551 komandantziako lotinant koronelaren ondoan, aldemeneko gelan prestaturik zeuden finoak kenarazi dituela esateko gogoa dauka, Huelvan bezala jokatzen duen artean ez duela sinesgarritasunik irabaziko estatuak hemen, lan politiko handia daukala etxe barruan egiteko, gertatu dena eta gertatuko zaiona izan bailiteke indar inboluzionisten lakio bat, badaki berak ere…

 

 

1977/03/10

Donostia, 22:00

…eta ezetz esan diete, errotatibak ez dira martxan jarriko gaur hiriburuan, asanbladak egin dituzte, alferrikakoak izan dira une hauetan populazioa informatua edukitzea prentsaren betebehar gorengoenetako bat dela argudiatzera jaitsi diren erredaktoreburuen esanak, ziztu ere egin diete, batean hitza hartzen ere debekatu egin diote zuzendariari, “Segi gobernadoreak esandakoa idaztera!”, bihar ez da egonen prentsarik, denok kalera, Amnistia osoa, alde egin dezatela hemendik, ez, gorputz zanpatzaileak desegin egin behar dira, krabatarik gabe jaitsi zaizkie gainera, jator alaenak, “Segi hemendik teletipoetatik kopiatzera!”, bihar non saldurik edukiko ez duten arren egunkaria bota egin behar dela esatera, zeren bihar greba baita, greba orokorra, “Segi Gobernu Zibileko prentsaurrekoetara!”, Gipuzkoan ez da okindegirik ere zabalduko, gobernuak amnistia agintzen du eta kalean egurra banatzen du, edo heriotza, atxilotu ordez metrailatuz eta krimenen lekukoei mehatxu eginez, “Monarkia kanpora!”, eta prentsako langile xumeek, errotatibetakoek, izerdia tinta-koipetan nahasten duten horiek nazkatuak daude plantxak eta paperak zikintzen gezurrez, gobernadorez eta Urtainez, makinek ez dute lanik eginen eta lehen aldia izanen du Gipuzkoak, berrogei urtean, batere egunkaririk gabe, “Presoak kalera!”, greba eta borroka eguna da bihar…

 

 

1977/03/12

Anberes,  23:00

…Kirol Jauregia bete egin da, espero zen bezala, Pisu Astunen Txapelketa ikusteko, zazpi mila lagun, eta, espero zen bezala, bi mila espainiar tarteko, ez denak Belgikako beste hirietatik etorriak, Frantzia, Holanda eta Alemaniatik ere etorri direla esan digute arratsaldean hirian ikusi ditugun lagun taldeek, gure aberkide Urtain Europako Txapela janzten ikustera, baina Urtainek lanak izanen dituela irabazten ohartu gara berehala, gilbortxoa igarri diogu galtzen gerrikotik gainezka eta zanpaka eman ditu pausoak zabar, indarra eduki behar duela ezagun duen arren morroskoa ez dirudi izugarri prestatua etorri denik Coopman zaluari aurre egiteko, lehen rounda behintzat honek irabazi du, ongi mugituz eta ukaldiak zehatz kokatuz, gureak eman nahi izan dizkionak besoekin deuseztatuz, belgikarrak berak harritzeraino, ez baitzuten espero Coopman hain erraz gailenduko zenik, bertako zaletuek aitortu digutenez inoiz baino dotoreago ikusi dute hamabi soken artean, halaxe frogatu du hirugarren roundean, Zestoako Basakatuak emandako eskuinkada batek KOaren atarian utzi badu ere harrigarriro errekuperatu da eta eraso anker bati ekin dio haserre, Urtainen kokotsa eta gibelaldea bilatuz, eta ezkilak salbatu du gure aberkideak rounda lonan etzanda amaitzetik, balantzaka joan da bere txokora arnasa larri eta laguntzaileek ahaleginak eginagatik, Coopman ez bezala, errekuperatu gabe altxatu behar izan du laugarrenera, minutu eta erdiko martiritzara, panpina apurtu bat bezala soketan kukuturik belgikarrak bidali dizkion swing, kroxet eta uperkutak eragotzi ezinda, harik eta Alfonso del Riok, prestatzaile bikain horrek, toalla jaurti duen arte bere pottoka eta guztion morroskoaren kalbarioa eteteko espainiarron dezepziorako, espero baikenuen berriz ere entzun ahal izatea gure himnoa Europako Txapeldunaren koroa euskaldun jator eta espainiar jatorrago honek defendatzean, baina ez da posible izan, eta Urtainen adiskideek, espainiarron gizalegea eta galtze ona erakutsiz, Coopmani jantzi diote txapela buruan…

 

 

1977/03/13

Ibarrako hilerria, 09:15

…esan nian kontuz ibiltzeko erremintekin, Ondarru, esan nian, nola bururatzen zaik irrati emisora bat erabiltzea beti leku berdinetik, oraintxe izorratu didak hain segurua genuen Uzturreko baserria, erre duk gure gordelekurik onena, ez daukak erremediorik eta orain alferrik duk ihes egitea, mendia ez duk Ondarroa, mendiak ez zaukak porturik ez ate adiskiderik, berehala eroriko haiz, tiroka emanen diate hiru, lau edo sei zulotxo sarrera eginez bizkarrean daratuluak zur ustelean baino errazago, eta Tourmaleteko jaitsieran txirrindulari amildua bezala ahuspez hagoela, altxatu nahi eta ezin batean, belarraren edo simaurraren usaina hartzen nik orain, ahoz gora baina, izei usain hau hartzen dudan bezala, eta azkenean, basoan ezkutatu haizela pentsatuta joanak direla uste duala, pauso zuhur batzuk hurreratuko zaizkik, kabo bat hurreratuko zaik bere bota gotorrekin zurgindegiko zerra elektrikoa ere karrakatuko lukeen lapaitza zanpatuz, kabo bat hurbilduko zaik eta azken mesedea eginen dik, horrela izanen duk, erabat KO utziko hau zilegi ez den kroxetik laburrena emanda, dena itzaliko zaik, irratia, argia, usaina, puska bat beharko duk konturatzeko hil egin hautela, bitartean zerraldoan sartuko haute, zerraldoa udaletxean edo soziedadean jarriko ditek, herri osoa pasatuko duk hire hustasuna ikustera, elizkizuna eginen ditek eta apaizak zerraldoaren gaineko ikurrina kenduko dik, baina heure amak bildu eta gorde eginen dik, gero lagunek bizkarrean ateratzen hautenean ezagutzen ez duan mundu bat egonen duk plaza, portua, itsasoa, dena betetzen, zazpi mila edo zortzi mila edo hamar mila, Zaharrarenean bezala, neronenean bezala, aurreskua dantzatuko ditek, gero azken agurra hilerriraino, hantxe abestuko diate gerturik daukatela odola beraiek ere, malkotan eta ukabila gorarik, jarriko ditek ikurrina gainean, plaka bat etxean, beste bat ibaiertzean  edo  mendian, izarra eta hire izena erliebean, eta bihar, etzi, astebete barru ukabila baino esku gogorrago batek kendu eginen dik, beti jarriko dizkiaten oroigarriak kenduko ditik beti, banan-banan, hori duk esku horren lana, gure ezpalik ez geratzea inon ilobek iraganik izan ez dezaten, baina nik usaina hartzen diat sakon, urkia, hagina, makala, denetik ekartzen zidak haizeak lurrean barrena, horrek kontsolatzen naik, erdi zorabiatu egiten nauk askotan, eta orduan arrebaren muttikoentzat gereziondo xafla meheekin eta listariarekin egindako gitarratxoen soinua zatorkidak, ez dakik zeinen eder, Ondarru, kaseteak jiraka jarraitzen dik, hil eginen haute hi ere baina bizirik iraun ahal izanen duala esan nahi diat herri berriko libertatean, ikas ezak usaina hartzen, ikas ezak entzuten…

 

Koldo Izagirre (77 diskorako propio idatziriko kontakizuna).