BIDE ERTZEAN

Grisa – Gaztelupeko Hotsak, 2000 (CD)

  1. zuk esan
  2. betikoa
  3. badakit
  4. ia dena
  5. haize zaharrak
  6. parez pare
  7. berandu
  8. sinetsi nahi dut
  9. hesiak
  10. lilian
  11. gurea
  12. eromenaz
  13. aingeru berria
  14. grisa

Beharbada taldearen beraren izenak aurreratzen zuen bezala, Bide Ertzean ez da inoiz izan modaren aterpean ibiltzearen zale. Bide Ertzean taldeak bere musika eta euskal poeten arteko harreman berri hori landu ostean, erronka bat zeukan betetzeko, hasi ziren urtean bertan aldarrikatu baitzuten Bide Ertzean ez zela poemak musikatzeko sortutako talde bat, proiektu musikal bat baizik. Dagoeneko, hirugarren lana grabatu duten honetan argitu da auzi hori: “Grisa”, beraiek sortutako hamairu abestik eta taldeak dantzan jarri duen Iñigo Aranbarriren testu batek osatutako bilduma da. Jakineko moldeetan murgilduta zebilen musika girora haize berriak ekartzera etorri direnak.

Lan osatuena eta helduena

Bide Ertzean sakon murgildu da pop-rockaren bihotzean, melodiari uko egin barik hala ere, baina biguinkeriatan jausteko arriskuari muzin eginda. “Zuk esan” jarri dugu den dena betetzen duten gitarrak entzuteko, taldeak puzzlearen pieza guztiak bere tokian dituela egiaztatzeko. Betagarrikoen parte hartzea suharra gertatzen da “Badakit” abestian, oso britaniar erako kantua, Paul Weller gogora dakarkigun soul-rockean emana. Berriro sartuko dute hirukoa “Parez-pare”n pop kutsu handiagoarekin eta tonu gazi-gezaz. Kantu hauek aberastera datozen produkzioaren ukituek distira berezia egiten dute esate baterako, Alos hari laukoak tristura zelofanetan bilduz “Berandu” abestia jotzen duenean. Berriro agertuko zaizkigu “Lilian”en protagonista den emakume afrikarra ito zen ura bezain hotza, baina harrapatu eta bereganatu egiten zaituen leloa (Mikel Erentxunek abesten du) daukan abestian. Azken balada osatzen duen “Grisa” bera ere, sokaren apaingarri malenkoniatsuak edertutako kanta da, sentimentu eta kolore arteko jokoa. Lehenago, bidean geratu dira “Gurea” eta “eromenaz” bezalako power-pop indartuaren laginak edota “Haize zaharrak” eta “Sinetsi nahi dut” bezalako harribitxi perfektuak.

Musikari askoren partaidetzarekin osatutako disko oparoa

Fran Iturbe, Karlos Aranzegi eta Ubeda anaiak dira taldearen oinarri finkoa baina musika jende askorekin harremanatzeko disziplina egokia da. Grisa diskoan hauek izan dira kantuak loratu dituzten lagunak: Gorka Urbizu. Berri Txarrak taldeko kantariak lau abestietan egin ditu koroak. Xabier Solano. Etzakit taldeko kantariak bere ahotsarekin apaindu du “Betikoa” kantua. Betagarriko metal hirukotea. Pop britainiar kutsua hartu dute Betikoa eta Parez pare kantuek Arabako hiru musikari hauen partehartzearekin. Alos hari-laukotea. Et Incarnatus orkestrako kideek elegantziaz jantzi dituzte disko honen kantu melankoniatsuenak. Mikel Erentxun. Duncan Dhu taldeko kideak lehen aldiz euskaraz kantatzeko aukerari gustura heldu zion Lilian kantua entzun zuenean. Kaki Arkarazo. Aurreko diskoetan bezalaxe, produkzio artistikoan arduratu da eta zerikusi handia izan du taldearen nortasun musikalean.

Disko hau 2000 urteko ekainetik abuztura bitartean grabatu genuen Katarain estudioan (Azkarate) eta Garate estudioan (Andoain).

<< Diskografia