BIDE ERTZEAN

Non dira – Gaztelupeko Hotsak, 2006 (CD)

  1. gazte ziren, aske ziren
  2. haien bihotzen taupadak gara
  3. berandu nator
  4. non dira
  5. gau ilunean
  6. bai berriro
  7. Manuel Goenagak kontatutakoa
  8. gerra baino lehen
  9. ez dut atzera egingo
  10. trece rosas rojas
  11. les dones del 36
  12. nolakoa da erbestea?
  13. hil gabeko hilotzen loreak

36ko gerraz hausnartu dute Bide Ertzean taldeko musikariek disko berrian. Kontatu gabeko sufrimenduari buruzko kantuak egin, eta istorio gogorrak bezain ederrak jaso dituzte Gaztelupeko Hotsak disketxearekin plazaratu duten Non dira lanean. Espainiako gerrak gogor astindu zituen Ubedatarrak.

Baina etxean galdera gutxi egin dituzte Euskal Herriko hainbat senditan hainbeste min eragin zuen gerraz. Ez da erraza sufrimenduaz hitz egitea, esan du Imanol Ubedak.

Gerra bizi zutenek ez dute horretaz hitz egin nahi, beldurra dute oraino. Baina jakin nahi genuen zer arraio gertatu zen benetan, eta gure etxean zer ondorio izan zituen gerra horrek. Etxean terapia egin zuten Imanol eta Joni Ubedak, eta egoki iruditu zitzaizkien galdera guztiak egin zituzten. Gerraostea oso gogorra izan zen alargunentzat eta gerra
umeentzat. Beti hitz egiten da Mexikora edo Errusiara bidalitako haurrez, baina izan ziren beste erbeste batzuk. Gure sendiaren kasuan, Altsasutik Espainiara joan behar izan zuten, azaldu du Imanolek. Alabaina, disko biografikorik ez dutela egin argitu du. Ez da Ubedatarren historiaren diskoa. Ez dute beren etxeko gerraz hitz egin. 36ko gerraz baizik. Dokumentazio lana egin ondotik, 13 abesti idatzi ditu Imanolek.

Gaurko kantuak dira, garaikideak, duela 70 urte hasi zen gerraren hariarekin jositakoak. Esan dutenez, ez dute tentaziorik izan abesti historikorik interpretatzeko. Guretzat erronka handia zen abestien hitzak guk geuk egitea. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi idazleek sarritan esan diete horretan saiatu behar zutela. Eta egin dute azkenean. Gerran desagertutakoez mintzo diren kantuak egin dituzte, beraiek. Eta gustura daude emaitzarekin.

Trece rosas rojas abestia (euskaraz abestu dute, izenburua gaztelaniaz jarri arren) gerraostean hil zituzten Juventudes Socialistaseko 13 emakumeen omenez egin dute. Eta Manuel Goenagak kontatutakoa-n, Usurbilgo (Gipuzkoa) gudari horren istorioa jaso dute. Les dones del 36 sortu dute, halaber, Kataluniako izen bereko elkartearen oroimenez.

Emakumeen eskubideen alde lan egiten zuen talde horrek, Errepublika garaian. Hitzek eraginda, diskoak dramatikotasun puntu bat duela esan du Imanolek. Ez dago ezer ospatzeko zirrikiturik gure kantuetan.

KANTU BILUZIAK, OINARRIZKOAK. Musikari dagokionez, apaindura gutxiko abestiak direla adierazi du Karlos Aranzegi bateria eta perkusio jotzaileak. Kantu biluziak ekarri zituen Imanolek, ahotsa eta gitarra besterik ez zutenak, eta ez ditugu asko moldatu. Jantzi ditugu, baina oso modu xumean. Joserra Senperenaren pianoaren doinuek abestiak minimalismora eraman dituela azaldu du Aranzegik. Oinarrizko abestiak egin ditugu, 36ko gerraren kontaketari soinua jarri diogu, eta popa eginez, folkera hurbildu gara.

Bide Ertzean osatzen duten musikariek, Ubeda anaiek, Aranzegik, Senperenak eta Fran Iturbe gitarristak, Andoaingo Garate estudioan grabatu dituzte, aurtengo udan, Non dira diskoko abestiak. Kaki Arkarazoren laguntza izan dute. Baita beste bi musikarirena ere. Gorka Urbizuk eta Quique Gonzalez madrildarrak kantu bana abestu dute: Non dira eta Ez dut atzera egingo, hurrenez hurrenez.

(Berrian argitara emana).

  • Karlos Aranzegi: bateria, perkusioa.
  • Fran Iturbe: gitarra elektrikoa.
  • Imanol Ubeda: gitarra, ahotsa.
  • Joni Ubeda: baxua, koroak.
  • Joserra Senperena: piano akustikoa, hammond….
  • Kaki Arkarazo: teknikari eta ekoizle.

<< Diskografia