BIDE ERTZEAN

Toño Muroren oroitzapenak

2013/10/16 -an idatzia

tonomuro

Balerdi Balerdi taldeko kantaria da Toño Muro. 77 diskoak Urretxuko institutuan irakasle lanetan eman zuen urtea ekarri dio gogora: “Nire oroitzapenak berpiztu dituzue, 77an gertutik bizi nituelako Itsasoko kontroleko hilketen ondorengoak. 22 urte nituela, Opuseko unibertsitatean ikasketak amaitu ondoren, nire lehen ikasturtea irakaskuntzan 76-77 izan zen, eta non eta Urretxuko institutuan eman nuen. Aste egunak bertan, Zumarragan, klaseak prestatzen eta ematen pasatzen nituen; asteburuak, aldiz, Iruñean (La Vergaresan edo trenean  egiten nituen bidaiak); Itsasoko ikasle gazte batzuk institutura zetozen. Bestalde, zonaldeko hirigunea Zumarraga zen eta inguruko herrietatik erosketak eta mandatuak egitera bertaratzen ziren nekazariak. Oroitzen naiz jende guztiarengan inpaktu handia izan zutela hilketek, eta manifestazioez gain, paroak izan zirela”.

Hurrengo asteetan, Zumagarrarako errepide hartan kontrol gehiago jarri zituzten. Eta Itsasoko bihurgunean, Sebas eta Zaharra erail zituzten tokian bertan agertzen ziren, hildakoen oroigarriak oztopatzeko eta kentzeko. Kontrol horiek beldurgarriak zirela entzun diegu askori, Toñok berak ere hala aitortu digu.

PD: Balerdi Balerdi taldearekin batera arituko gara azaroaren 14an osteguna, Barañaingo auditorioan. Sarrerak eskuratzeko, HEMEN